XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Plagioaren historia labur bat

Badaukat lagun bat parranda bakoitzean Brandoren larru-jotzea, Pariseko azken tangoan burutzen duen lehendabiziko hura, plagiatu nahi lukeena, basatia eta ederra delako, baina batez ere ez dagoelako neska ezagutu, txapa sartu gau osoan eta konbentzitu beharrik.

Inoiz ez du lortzen, baina nere lagunaren obsesioak bi gauza erakusten dizkit: bat, plagio mota asko dagoela, eta bi, ez dagoela nahi duten guzien esku, ahal duten bakanengan baizik, plagioa egitea.

Gure artisten artean plagioaz hainbeste entzuten dugun honetan, inon frogarik ikusten ez dugula, badirudi euskal letretan, hobeto esanda, beketan, ni naizela plagioa egin duen bakarra: agian ikusgarriena egin nuen, baina nerea baino lehenago plagio asko izan da, eta demostratuko dut.

Nere plagioa zertan zetzan (zurrumurru agentziek ondo azaldu ez balute ere): beka lortzeko proiektua aurkeztu behar zenuen, eta ondoan, zure talentuaren (edo bere urruntasunaren) adibide gisan bost poema.

Liburuak argitaratu dituen bati bere talentuaren (edo horren urruntasunaren) adibideak eskatzea absurdoa iruditzen zait, eskura baitaude bere liburuak, nondik epaitu daitekeen guzti hori; bestalde, zaila da oraindik egitera eseri ez zaren proiektu baten idazkera aurreratzea, hain zuzen beken filosofia hori izanda: baietza lortutakoan hasi behar zenuen lan egiten, urtebeteko epean.

Filosofia hori hautsiz jokatu dutenen plagioak aipatu nahi nituzke:

Listilloaren plagioa egin dutenak: obra bukatuta edo ia amaituta zeukatenek egindakoa.